Guraso, ikasle eta irakasleak, bat eginda, ikastola eraikiz

Nor gara?

Aurkezpena

Haztegi Ikastola duela 50 urte baino gehiago guraso eta euskaltzale askori esker sortu zen euskara bera ere debekatuta zegoen garai batean eta mundurako pertsonak osotasunean heztea izan du helburu. 

Horretarako hezkuntza komunitatearen parte hartzea ezinbestekoa da eta kooperatiba osatu genuen. Ikastolan unibertsitatera joan aurretiko hezkuntza lantzen dugu, ahal den ikuspegi emankor, ireki eta zabalenean.

Historia

Haztegi Ikastola 1967.urtean 40 ikaslerekin sortu zen proiektu dinamikoa izan zen eta euskara indartu eta berrikuntza pedagogikoa bultzatzea zuen helburu. Ikastola testuinguru aldakor batean sortu zen. Izan ere, industrializarioaren eraginez Legazpin biztanleriak gora egin zuen nabarmen eta etorri ziren gehienak ez ziren euskaldunak. Horrek bi alderditan eragin zuen: alde batetik, haur asko zeuden eskolaratze adinekoak eta bestetik, jende asko zegoen euskara erabiltzen ez zuena. Behar horiei erantzute aldera, Jose Inazio Elorzak guraso-talde batekin abiatu zuen egungo Haztegi Ikastola.

Ikastolaren hasieretan Andoainen gauzatzen ari ziren esperientzia ezagutu zuten, hain justu, hezkuntza-sistema berri batean oinarritzen zena eta erabat euskaraz lan egiten zuena. Esperientzia ezagututa eta gurasoen nahiak “beren seme-alabei euskararekin beraiei gertatu zitzaiena ez gertatzea”  animatuta, asmoa aurrera ateratzea erabaki zuten. 

Ideia sortua zen eta martxan jarri beharra zegoen. Orduantxe sortu ziren arazoak: legeztapena, lokalak, dirua, gurasoentzako informazioa, irakasleak etab…Baina zailtasunak zailtasun elizak utzitako parrokiako geletan hasi ziren klasek ematen. Horrez gain, ideia horren alde diruz laguntzen zuen Legazpiko herritar talde batek. Pedagogia aktiboa erabili zuten, irudimena erabiliz eta dena jokoen bidez landuz. 

Ikastolaren sorreran lanean aritu zen lehenengo andereñoa Nekane Arin izan zen. Magisteritza Eskolan Maistra ikasketak egin berri zituen eta euskaraz zekien. Donostian egon zen urtebetez ikastoletan erabiltzen zen metodologia ikasten. Metodologia hori Elbira Zipitriak erabiltzen zuen bera zen eta praktikaren bidez sendotu zuten teorian ikasia. 

Ikastolak, egungo Haztegi Ikastola izan arte, Kimu-Berri izena zuen. 1984 - 1985 ikasturtean, Kimu berri ikastola eta Buen Pastor - Santa Teresa  ikastetxe erlijiosoa elkartu egin ziren eta bat egite prozesu horren ondorioz, Haztegi Ikastola izena hartu zuen. 

1990-1991 ikasturtean, 2 urteko gelak zabaldu zituen Haztegi ikastolak. Handik pare bat urtera, 1992-1993 ikasturtean hain zuzen,  BBB-UBI edo BUP-COUko ikasketak hasi zituzten 22 ikaslek.

Urtebete geroago, 1994. urtean, “Denok martxan” lelopean  kilometroak jaia izan zen Legazpin. Euskararen normalizazioaren bidea eta ikastolarena ez ziren batere errezak eta filosofia honekin bat egiten zen ikastolan: “nekatuta egon arren, beste buelta bat gehiago eman ahal dugu ikastolaren alde”  Bildutako emaitzarekin Haztegi Ikastolak erreforma batzuk egin ahal izan zituen: DBH- Batxilergoko gelak, teknologia gela, sukaldea...

2004. urtean, Haztegi Ikastola kooperatiba izatera pasa zen, Haztegi Ikastola kooperatiba elkartea izenpean. Gaur egun, gure ikastola Eusko Jaurlaritzak itundutako ikastetxe bat da eta 680 ikasle ditu, baina ikastolaren helburua 40 ikaslerekin hasi zen garai hartan zuen bera da: gure haurrak euskaraz heztea.   

Gertaerak kronologikoki antolatuta

1967-68 Ikastola sortu zen, 40 ikasle, gela bat eta andereño batekin (Nekane Arin)

1968-69 79 ikasle, bi gela eta bi andereño

1969 Gipuzkoako Ikastolen Federakuntza sortu zen Elizbarrutiaren gerizpean.

1975 Kimu-Berriko lehenengo estatutuak  eta 11 ikasgela.

1982tik aurrera Gipuzkoako Ikastolen Federakuntzak irakasleen formakuntza eta pedagogia ekintzak bultzatzen ditu.

1983-84 36 ikaslek lehenengo aldiz oinarrizko ikasketa guztiak euskaraz oso-osorik egin zituzten.

1984-1985 Kimu berri Ikastola eta Buen Pastor-Santa Teresa elkartu eta Haztegi Ikastola sortu zen.

1985 Haztegi Ikastolak Urretxu-Zumarragako ikastolarekin batera Kilometroak 85 antolatu zuen “Eskualde mailan euskararen eragina bultzatzea eta metodologia berrriak suspertzea” helburu zuela.

1990-1991 2 urteko gelak zabaldu ziren. Ikasturte honetan 16 urte arteko irakaskuntzari aurre egin ahal izateko Haztegik 12 ikasgela zabaldu zituen.

1991-92 Ikastolaren Hezkuntza proiektua sortu zen, Ikastolaren nortasun ezaugarriak eta helburuak adieraziz.

1992 Eraikuntza berria egin zen

1993 Jangela ireki zen

1992-1993    

  • BBB-UBI edo BUP-COUko ikasketak hasi zituzten 22 ikaslek.
  • Haztegi Ikastolaren 25. urteurrena
  • Ikasleak 2 urtetik 18 urtera arte 

1994 Kilometroak jaia ospatu zen Haztegi Ikastolan

2004 Haztegi Ikastola kooperatiba bihurtu zen

2017-2018 Haztegi Ikastolak 50 urte bete zituen.